
Gasteizko Udalak Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera eramango du Gasteizko Udaleko talde politiko guztien sostengua Martxoak 3 elkarteari, bai eta gure hirian 1976an izandako gertakarien inguruko zigorgabetasun-egoera amaitu beharra ere. Hartara, erakundeak babes formala emango dio Martxoak 3 elkarteari (honek eskatu zionari erantzunez), Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean errekurtsoa aurkezteko asmoan.
Zehazki, Nazio Batuen Erakundera bidalitako idazkiak gogoratzen du 1936ko uztailaren 18an, zibilek eta militarrek emandako kolpe batek kargutik kendu zituztela Bigarren Errepublikan hautetsitako legezko agintariak. Altxamenduak diktadura ekarri zuen, ehunka mila pertsonen oinarrizko giza eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura. Testuinguru horretan gertatu zen 1976ko martxoaren 3ko sarraskia, Espainiako Polizia Armatuak burutua.
Honako hau ere esaten du agiriak: “Gertakari haiek goitik behera astindu zuten gure hiria betirako; alabaina, gaur egun ere ez zaie indarkeriaren biktimen aitorpena eman orduan hil zituztenei, eta, ondorioz, egindako kalteak onartu eta konpondu gabe jarraitzen du, eta justiziarik gabe biktimak, horrek haien senideentzat –eta gizartearentzat, oro har– dituen ondorioekin”.
Udalak gogorarazten du 2014ko irailaren 27an egindako Udalbatzaren bilkura batetik aurrera –eta zinegotzi guztiek Memoria Historikoari buruz aho batez onetsi zuten mozio baten ondorioz–, Memoria Historikoaren Lantaldea sortu zela, zeinaren hausnarketa eta ekarpenak agintaldi honetan garatu den Gasteizen frankismoaren biktimen Memoria historikoa berreskuratzeko planean gorpuztu baitira. Plan hori Giza Eskubideen testuinguruan kokatzen da, eta egia, justizia, ordaina eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan oinarritzen. 2018ko urtarrilaren 12ko alkatearen Dekretuan jasota daude Planaren jarduketa horiek guztiak.
Horrekin batera, eta agintaldiak iraun bitartean, zenbait mozio aurkeztu izan dira Udalbatzan martxoaren 3ko sarraskiaren inguruan eta, hedaduraz, frankismoaren biktimei babesa emateko.
Horien artean, Udalak da 2016ko martxoaren 18ko Udalbatza azpimarratzen du, non testu hau onetsi baitzen: “Udalbatzak erabaki du frankismoaren biktimei buruz Argentinako jurisdikzioak daraman prozeduran udala agertzea, bai eta Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak edo bestelakoak eskatzeko frankismoaren diktadurak egindako gizateriaren aurkako krimenak zirela eta, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”.
Arabako erakundeek (Batzar Nagusiek, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak) Espainiako epaitegietan aurkeztutako kereilek ez dutelarik aurrera egin –estatuaren egituraren zati izanik ezgaituta daudelako prozeduran parte hartzeko–, Martxoak 3 elkarteak Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen aurrean agertu nahi du, eta horretarako babes formal eta ofiziala eskatu die euskal erakundeei.
Horregatik, Udalbatzak berretsi egiten du Gasteizko Udalaren babesa eta elkartasuna berrestea martxoaren 3ko biktimei eta haien senideei, bai eta biktima horiei berez dagokien aitorpena, konponketa, birgaitzea, eta ordaina eman beharra berrestea, hartara beste biktima batzuekin berdintzeko, batere diskriminaziorik gabe.