Gasteizko Udal Musika Banda asteazken honetan, otsailak 3, itzuliko da Europa Biltzar Jauregiko agertokira, 19:30ean hasiko den «Somnium» izeneko kontzertu berriarekin. Proposamenak paisaia emozional eta historikoak musikaren bidez zeharkatzera gonbidatzen du publikoa, naturaren indarretik hasi eta barru-barruko samurtasuneraino. Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziaren arabera, programak «indarkeria eta samurtasuna, historia eta etorkizuna bezalako indar kontrajarriak elkarrizketan jartzen ditu, musika izan ginenaren ispilu izan daitekeela gogorarazteko».
Errepertorioak Bandak lehen aldiz interpretatuko dituen bost obra biltzen ditu: «Cape Horn» (Otto M. Schwarz), «The Seal Lullaby for Band» (Eric Whitacre), «Via Claudia» (Johan de Meij), «Zubieta» (Tomás Garbizu) eta «Symphony No. VI The Blue Marble «(Julie Giroux). Kontzertuaren zuzendariak, Iker Olazabalek, programaren helburua «publikoa harritzea eta hunkitzea» dela azpimarratu du. Pieza bakoitzak soinu esperientzia ezberdina proposatzen du: Cape Hornen distira zinematografikotik hasi eta Girouxen azken sinfoniaren konplexutasun tekniko eta emozionalera arte.
Kontzertuan Rodolfo Epelde bakarlariak ere parte hartuko du, eta «etxera itzultzeko» gogoa agertu du, «Gasteizko udal bandarekin kolaboratzeko, bertan hainbat lagun eta ikasle ohi baititut». Tronpa joko du «Cape Horn» en eta tronpa alpetarra «Via Claudia» n eta «Zubieta» n. Tokiko agertokietan oso ohikoa ez den azken tresna horren gainean, Epeldek azpimarratu du bere antzinako soinuak «Gipuzkoako haran sakon eta berdeak ekartzen dituela gogora, alpetarraren antzeko landa-tradizioa gordetzen baitute».
Gasteizko Udal Txistulari Bandak Zubietako interpretazioarekin bat egingo du, Tomas Garbizuk tronpa alpetarraren Europa erdialdeko sonoritateari tradizioz euskaldunak izan diren erritmo eta instrumentuak gehitzen dizkiolarik. Lankidetza hori txistulari taldearen lan-ikuspegi berrian kokatzen da, ikastaro honetan bere programazio propioa eta beste udal talde batzuekin partekatutako proiektuetan duen presentzia areagotzea bilatzen baitu.
Asteazken honetako emanaldia Udal Bandaren neguko kontzertuen denboraldiaren parte da eta bere apusturik berritzaileenetako bat da, bai obren aukeraketagatik, bai kolaborazio berriak sartzeagatik. Sarrera librea da lekua bete arte.

