Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak ‘Gasteizko toponimia. Gure leku-izenak’ erakusketa aurkeztu dute Hegoalde gizarte etxean. Erakusketa iraunkorra izango da, eta hiri osoko gizarte etxeetan pixkanaka jarriko diren instalazioen lehenengoa da. Ekimenaren helburua toponimia zer den eta komunitate baten garapenean eta identitatean zer garrantzi duen azaltzea da.
Proiektua Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatu du, Gobernu Irekia eta Gizarte Etxeen Sailaren laguntzarekin. Aurkezpenean parte hartu dute María Nanclares Euskara zinegotziak, Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak eta Miren Fernández de Landa Gobernu Irekia eta Gizarte Etxeen zinegotziak.

Nanclaresek azaldu du erakusketaren helburua dela hiriko kultura-ondarea herritarrengana hurbiltzea eta auzo, kale edo ibaiak identifikatzeko erabili izan diren leku-izen tradizionalak balioan jartzea. Haren esanetan, izen horiek Gasteizen memoria kolektiboaren parte dira.
Bestalde, González de Viñasprek gogorarazi du erakusketa ‘Gasteizko toponimia’ ikerketa proiektuan oinarritzen dela. Henrike Knörrek bultzatutako lan horren emaitza dira 2009 eta 2024 artean argitaratutako bederatzi liburukiak.
Erakusketak biniloak eta bestelako euskarri grafikoak uztartzen ditu eta bi atal ditu. Lehenengoak toponimiaren oinarrizko azalpena eskaintzen du, eta bigarrenak inguruko leku-izenetan jartzen du arreta. Hegoaldeko erakusketan Adurtza, Goikolarra, Olarizu edo San Kristobal bezalako auzo-izenak eta Bitoriabidea, Mendiolako bidea edo Salbatierrabide bezalako kale-izenak ezagutzeko aukera dago. Hurrengo erakusketa martxoaren 26tik aurrera egongo da ikusgai Zabalgana gizarte etxean.





