Jundizko hondakin solido urbanoen tratamendurako TMB plantak 31.500 tona CO2 atmosferara ez isurtzea lortu zuen iaz. Udalak emandako datuen arabera, kopuru hori urtebetean 12 tonako 780 kamioi dieselk sortuko luketen emisioen parekoa da.
Pascual Borja Ingurumen Kudeaketako zinegotziak azaldu duenez, 2025ean guztira 86.360 tona hondakin jaso zituen instalazioak. Horietatik 78.681 tona errefusaren frakzioari zegozkion, eta beste 7.678 tona organiko selektiboari eta egituratzaile begetalari.
Jasotako material horiek hainbat prozesuren bidez baliabide bihurtzen dira, bigarren bizitza izan dezaten. Azken urteetan balorizazioa %52 inguruan ibili bada ere, iaz %56,14ra iritsi zen, udalaren arabera. Instalazioak 2006tik dihardu lanean, hondakin organikoak, lorezaintzako eta inausketako hondarrak eta zabor arruntaren poltsak tratatzen.
Iaz, besteak beste, 399 tona PET plastiko berreskuratu ziren, hau da, litro bateko 8,3 milioi ur botilaren baliokidea. Era berean, 930 tona kartoi eta 1.010 tona material ferriko bereizi ziren. Bestalde, biogasa sortzeko digestio anaerobioaren bidez lortutako energiak 225 megawatt-ordu inguru eman zituen hilean, eta hori 830 etxebizitzaren hileko kontsumo elektrikoaren parekoa da.
TMB plantaren ondoan, Arabako Foru Aldundia KonpostAraba izeneko konpostaje planta berria eraikitzen ari da, 2030erako Europak ezarritako birziklatze eta ekonomia zirkularreko helburuetan aurrera egiteko. Gainera, Jundizko plantak eguzki plakak ere baditu: milioi bat euroko inbertsioarekin 2.286 panel fotovoltaiko jarri zituzten, eta azken hiru urteetan 38 taldek eta 1.216 lagunek bisitatu dituzte instalazioak.




