Araia-Asparrenako Umorezko Antzerki Jaialdiak 33. edizioa egingo du abuztuaren 13tik 16ra. Aurtengo egitarauak hamar konpainia bilduko ditu, eta kaleko nahiz aretoko ikuskizunak eskainiko ditu Araian.
Jaialdia, urtero bezala, Araiako mugetatik harago ere zabalduko da. Zirkuitu ibiltariaren bidez, bost ikuskizun Arabako 21 herritara iritsiko dira abuztuaren 3tik irailaren 11ra bitartean. Horrela, umorea eta arte eszenikoak lurraldeko hainbat udalerritara eramango ditu berriro ere.
Aurtengo izen nagusietako bat Ron Lalá izango da. Estatuko antzerki eszenako konpainia ezagunenetakoak La Desconquista aurkeztuko du abuztuaren 16an, igandean, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian. Ikuskizunak umorea, satira historikoa eta zuzeneko musika uztartzen ditu.
Antzezlana XVI. mendearen amaieran kokatzen da, eta Mundu Berriko kostaldera iritsi nahi duten hiru pertsonaiaren gorabeherak kontatzen ditu: Hernán Galán kapitaina, ospearen bila; Fulano marinela, aberastasunaren atzetik; eta fray Pío misiolaria, arimak salbatzeko asmoz.
Abenturen, gaizki-ulertuen eta egoera zentzugabeen bidez, protagonistek ikusiko dute ezer ez dela hasieran dirudiena. Ron Laláren ohiko zigiluari jarraituta, lanak testu eta musika originalak, erritmo biziko umorea eta poesia eszenikoa uztartzen ditu, iragan inperialaren inguruko begirada zorrotz eta eroarekin.
Euskarazko umorea Arrazpi Berrin
Aretoko egitarauan izango da, halaber, Las Reinas Kanpina, La Cuerda Teatroa & Ttipia Kultura konpainia gasteiztarraren lana. Emanaldia abuztuaren 14an izango da, ostiralean, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian.
Euskarazko antzezlanak urtero kanpin berera itzultzen diren hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Leku hori askatasunerako eta deskonektatzeko gune txiki gisa bizi dute, baina galdera bat dago istorioaren erdian: benetan libre gara oporretan gaudenean?
Umore beltza, absurdoa eta kritika soziala uztartuta, oporretan ere agertzen diren botere harremanei eta hierarkiei buruz hausnartzen du lanak. Opor perfektuen bilaketa ere jartzen du zalantzan, ikuspegi ironiko eta deseroso batetik.
“Meraki” ikuskizunaren itzulera
Jaialdiak Meraki ere berreskuratuko du aurten, Edu Manazas malabarista eta artistaren lana. Iaz, eguraldiaren ondorioz, emanaldia bertan behera geratu zen Araian, eta aurten emanaldi berezi bakar batekin itzuliko da.
Ikuskizunak zirku garaikidea, teknologia eta eszenaratze zaindua uztartzen ditu. Denboraren joanari, sormenari eta egiten dugun horretan uzten dugun arrastoari buruzko gogoeta proposatzen du, malabareen zehaztasun teknikoa ardatz hartuta.
Gainera, konpainiak zirku tailerra eskainiko du familientzat abuztuaren 14an, ostiralean, 11:00etan. Akrobazien, malabareen eta dinamika parte-hartzaileen bidez, helduek eta haurrek komunikazioa, konfiantza eta jolasa landuko dituzte elkarrekin.





