Gasteiz Euskaraldiaren laugarren edizioko hiri parte-hartzaile nagusietako bat izango da aurten ere. Hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea helburu duen ekimen sozial hau maiatzaren 15etik 25era egingo da, «Elkar mugituz egingo dugu» goiburupean. Aurten, aurreko urteekin alderatuta, datak aldatu dira: abenduan egiten zen orain arte, baina aurtengo edizioa udaberrira aurreratu da, “jende gehiagok txapak erabil ditzan eta ikusgarriago izan daitezen”, azaldu du Azaitz Unanuek, Gasteizeko Euskaraldiaren koordinatzailea.
Nola parte hartu?
16 urtetik gorako herritar orok parte har dezake Euskaraldian, bi roletako bat aukeratuta: ahobizi edo belarriprest. Ahobizi rola hautatzen dutenek konpromisoa hartzen dute 11 egunez euskaraz hitz egiteko, baita elkarrizketaren beste aldekoak ulertzen duela dakitenean ere. Maila perfektua ez izatea ez da oztopo. “Ez da beharrezkoa euskara bikain jakitea. Nahikoa da egun horietan euskarari eusteko motibazioa izatea”, azaldu du Unanuek.
Belarriprest rola, berriz, entzutea lehenesten duten pertsonentzat da: euskara ulertzen dutenak edo hitz egiten ez dutenak hainbat arrazoirengatik. “Garrantzitsuena da txaparekin identifikatzea eta besteek euskaraz hitz egin diezaieten gonbidatzea. Helburua da konfiantzazko guneak sortzea”, gaineratu du.
Izena emateko, euskaraldia.eus webgunera jo behar da. Txapak hurrengo lekuetan jaso daitezke: auzoetako gizarte etxeetan, Montehermoso kulturunean edo Geu Elkartearen egoitzan, Rogelia de Álvaro elkartegian.
Udalaren babesa
Gasteizko Udalak berretsi du Euskaraldiaren aldeko konpromisoa. Maider Etxebarria alkateak gogorarazi du Udala laugarren ediziorako ere ekimenarekin bat egin duela eta herritar guztiak animatu ditu parte hartzera: “Gasteizko Udaletik Euskaraldiari gure babesa eman nahi diogu. Herritarrak ere animatzen ditugu parte hartzera, belarriprest zein ahobizi rola aukeratuta, erakusteko euskararekiko dugun eta ematen dugun babesa, bai gizarte mailan eta bai instituzioetatik ere.”
Ekitaldi nagusia eta auzoetako jarduerak
Ekitaldi nagusia ostegunean, maiatzaren 15ean egingo da, Foruen plazan. 18:00etan hasiko da haurrentzako antzezlan batekin, eta jarraian Ane Gebara eta Aitor Vinagret aktoreek dinamizatutako ekitaldia izango da. 19:30ean koreografia parte-hartzailea egingo da Euskaraldiaren abestiarekin, Salburuko inauterietako konpartsak antolatuta. Bukatzeko, 19:45ean, Atrikipunk taldeak kontzertua eskainiko du.
Horrez gain, auzoetako Euskaraldia batzordeek jarduera ugari antolatu dituzte auzoetan zehar, bertako elkarte, kultur etxe eta bestelako eragileekin elkarlanean. Jarduera guztiak Geu Elkartearen webgunean eta sare sozialetan kontsulta daitezke.
Azkenik, Unanuek nabarmendu du Euskaraldia proiektu kolektiboa dela: “Euskaraldia erakunde publikoek eta herri-mugimenduak elkarrekin daramaten egitasmoa da. Hori da bere indargune handienetako bat.”