Gasteizko Udalak 1.056.040 euroko inbertsioa onartu du ostiral honetan udal eraikinetan funtsezko bi sistema berritzeko: sarbide-kontrolak eta alarmen eta suteak detektatzeko instalazioak. Neurri hori Mantentze Zerbitzuak bultzatu du eta bi kontratu bereizi jasotzen ditu, gaur Tokiko Gobernu Batzarrean onartutakoak.
Lehenengoa kirol-instalazioetako sarbideak kontrolatzeko sistemaren laguntza teknikoari eta mantentze-lanei buruzkoa da, 557.520 euroko aurrekontuarekin eta hiru urteko egikaritze-epearekin. Helburua software irekiago bat ezartzea da, egungo sistema itxia ordezteko eta tornu eta sarrera-gailuetan behin eta berriz gertatzen diren matxurak zuzentzeko.
Bigarren kontratua 498.520 eurokoa da eta bi urteko iraupena du. Udal-eraikinetan segurtasun automatikoko sistemak osorik mantentzeko da. Barne hartzen ditu intrusioaren aurkako alarmak, erasoen aurkakoak, suteak eta CO2 detektatzeko sistemak, baita automatikoki itzaltzeko instalazioak ere. Zerbitzua 24 ordukoa izango da urteko 365 egunetan, berme osoaren modalitatean.
Jardueraren helburua da ekipamendu horien funtzionamendu egokia eta segurtasuna bermatzea, bai eta babesaren eta irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea ere.

