Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu bat onartu du Euskadiko erabilera kolektiboko igerilekuetan aritzen diren sorosleek zer prestakuntza egiaztatu beharko duten zehazteko. Araua ostiral honetan sinatu dute, dagoeneko indarrean dago, eta ekainaren 29an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Aginduak instalazio mota horiek arautzen dituen osasun araudia garatzen du, eta, aldi baterako, sorosle gisa aritzeko zer ziurtagiri eta titulazio izango diren baliozkoak zehazten du. Ez die eragiten hondartzetan, ibaietan edo urtegietan egiten diren jarduerei, ez direlako Osasun Sailaren eskumenekoak.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, sorosleek jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideei buruzko euskal araudiaren araberako kualifikazio aitortua izan beharko dute. Egiaztagiri hori instalazioek irekitzeko unean aurkeztu behar duten erantzukizunpeko adierazpenean jaso beharko da, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatu ahal izango du.
Aginduak aldi iragankor bat ere jasotzen du udako denboraldiaren hasiera honetarako. 2026ko irailaren 30era arte, baliozkotzat joko dira kirol federazioek, Gurutze Gorriak, DYAk eta antzeko erakundeek emandako ur sorospeneko ikastaroak, betiere dagokion diplomaren bidez egiaztatzen badira.





