Euskadiko Lan Ikuskaritzak 1.438 lan kontratutan irregulartasun zantzuak atzeman ditu 2026an, eta 760 jakinarazpen bidali dizkie enpresei. Arabari dagokionez, hiru jarduera-ildo nagusietan 95 enpresa ageri dira: 50 aldi baterako kontratazio errepikatuagatik, 24 aldi baterako kontratuen iraupen mugak gainditzeagatik eta 21 kontratu finko etenetan atzemandako balizko erabilera desegokiagatik.
Jarduketa horiek Iruzurraren Aurkako Tresnaren bidez egin dira. Sistema horrek Estatuko Lan Ikuskaritzaren eta Euskadiko Lan Ikuskaritzaren arteko lankidetza ahalbidetzen du, lan araudiaren balizko ez-betetzeak garaiz identifikatzeko. Jakinarazpena jasotzen duten enpresek hilabeteko epea dute egoera zuzentzeko; hala egiten ez badute, ikuskapen jarduketa abiatzen da.
Araban, kasu gehienak aldi baterako kontratazio errepikatuarekin lotuta daude. Lan Ikuskaritzak 50 enpresa identifikatu ditu lurraldean modalitate horren erabilera jarraituagatik. Euskadi osoan, jarduketa horrek 435 enpresari eta 895 langileri eragiten die.
Beste 24 enpresa arabarri jakinarazpenak bidali zaizkie aldi baterako kontratuek legezko edo hitzarmen bidezko iraupen mugak gainditu dituztelakoan. Kontratu finko etenei dagokienez, berriz, Arabako 21 enpresatan atzeman dira balizko irregulartasunak. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, helburua da enpresek egoera borondatez zuzentzea eta kontratazioa lanaren benetako izaerara egokitzea.





