Gasteizko Udalak zortzi etxebizitza gazteentzako alokairura bideratuko ditu Alde Zaharrean, Ensanche 21 Zabalgunearen bidez. Maider Etxebarria alkateak gaur goizean azaldu duenez, lau etxebizitza Txikita kalean egokituko dira, eta beste lau etxebizitza Aiztogile kaleko 92. zenbakian amaituko dituzte sukaldeko altzariak eta etxetresna elektrikoak jarrita.
Txikita kaleko etxebizitzak lehen okupatuta egon ziren, eta Ensanche 21 Zabalguneak berreskuratu zituen. Orain, birgaitu ondoren, gazteentzako alokairu programetara bideratuko dituzte.
Lan horietarako aurreikusitako inbertsioa 373.000 eurokoa da. Jarduketak etxebizitzen bizigarritasun baldintzak hobetzea izango du helburu. Horretarako, instalazio termikoak eta elektrikoak berrituko dira, baita arotzeria, barruko akaberak eta eraikineko beste elementu batzuk ere.
Proiektuak bizikletentzako gune bat egokitzea ere aurreikusten du eraikinean.
Beste lau etxebizitzak Aiztogile kaleko 92. zenbakian daude. Kasu honetan, etxebizitzak aurretik berrituta zeuden, eta orain sukaldeko altzariak eta etxetresna elektrikoak jarriko dira. Kontratu hori 25.000 euroren truke esleitu da.
Etxebizitza horietan ere instalazio termikoak eta elektrikoak, arotzeria, sarrailagintza eta bestelako elementuak berritu dira azken hilabeteetan. Lanak amaituta, pisuak gazteentzako alokairura bideratuko dira.
Alkateak neurri hauek Alde Zaharreko etxebizitza eta jarduera ekonomikoa suspertzeko urratsen barruan kokatu ditu. Gaur goizean, Udalak lokal komertzialen deialdi berri baten berri ere eman du, alokairuan eta erosteko aukerarekin.









