Ensanche 21 Zabalguneak deialdi berria ireki du Gasteizko Alde Zaharreko bederatzi lokal komertzial alokairuan eta erosteko aukerarekin esleitzeko. Maider Etxebarria alkateak gaur goizean azaldu duenez, espazioak Aiztogile kalean, Hedegile kalean, Barnekale Berrian, Pintore kalean eta Zapatari kalean daude.
Deialdi hau Alde Zaharreko jarduera ekonomikoa suspertzeko neurrien barruan kokatu du alkateak. Udalak etxebizitzaren eta merkataritzaren arloko hainbat urrats aurkeztu ditu gaur goizean, Ensanche 21 Zabalgunearen bidez, Gasteizko hirigune historikoari lotuta.
Lokal horiek tamaina ezberdinetakoak dira. Txikienak 45 metro koadro ditu, eta handienak 108 metro koadro. Azken hori Pintore kalean dago.
Kontratuek zazpi urteko iraupena izango dute hasieran. Epe hori luzatu ahal izango da, gehienez hamar urtera arte. Gainera, esleipendunek erosteko aukera baliatu ahal izango dute kontratuaren lehen bost urteetan.
Alokairuan ordaindutako zenbatekoaren zati bat azken erosketa preziotik deskontatu ahal izango da. Horrela, lokalak lehen fase batean alokairuan erabiltzeko aukera izango dute esleipendunek, eta ondoren jabetzan eskuratzeko bidea ere zabalik izango dute.
Interesa duten pertsonek lokalak bisitatu ahal izango dituzte. Horretarako, aurretik hitzordua eskatu beharko dute Ensanche 21 Zabalgunearekin.
Eskaerak aurkezteko epea irailera arte egongo da zabalik.
Deialdi hau ez da gaur goizean Alde Zaharrari buruz aipatutako neurri bakarra izan. Alkateak jakinarazi du Ensanche 21 Zabalguneak lau etxebizitza egokitzeko obrak lizitatu dituela Txikita kalean. Etxebizitza horiek gazteentzako alokairu programetara bideratuko dira, behin birgaituta.
Horrez gain, Aiztogile kaleko 92. zenbakian dauden beste lau etxebizitzatan sukaldeko altzariak eta etxetresna elektrikoak jartzeko kontratua ere esleitu da. Etxebizitza horiek ere gazteentzako alokairura bideratuko dira.





